Inguratzen gaituen errealitateak, bizi ditugun egoerek eta zeharkatzen ditugun emozioek ez dute beti erantzun zuzenik. Bizitza, askotan, paradoxa gisa agertzen zaigu, batez ere minarekin, desioarekin, ziurgabetasunarekin edo izendatzen ez dakigun horrekin topo egiten dugunean. Niretzat, artea, hain zuzen ere, leku horretan sortzen da; galderaren eta erantzunaren artean geratzen den espazioan.
Sorkuntza ikerketa egiteko modu gisa ulertzen dut. Erantzun behin betikoak aurkitzea baino, galderak egitea interesatzen zait. Zer gara?, Nor gara?, Zer gertatzen zaigu?, Zer inguratzen gaitu?, Zer beste aukera egon daitezke?.
Arte eszenikoetan errealitate paraleloak eraikitzen ditut, aldagai ezberdinen arteko ekintza eta konbinazioa erabiliz: gorputza, ahotsa, espazioa, denbora, presentzia. Haien arteko harremanak aldatzean, beste aukera batzuk, beste esanahi batzuk eta ezagututzat jotzen dugun horri begiratzeko beste modu batzuk agertzen dira. Pinturan antzeko bulkada batetik abiatzen naiz: esploratu, probatu, eraldatu eta materiak, irudiak eta keinuak galdera berriak irekitzen uztea.
Teknikoki oso diziplina desberdinak diren arren, antzerkian eta pinturan sortzeko eta ulertzeko leku bera aurkitzen dut. Txikitatik sentitu dut artearen bidez esploratzeko beharra, eta egarri moduko horrek oraindik ere nirekin jarraitzen du. Nire praktika analisitik, bilaketatik eta esperimentaziotik eraikitzen da; ikusten ditudan eta niri eragiten didaten errealitate ukigarrien aurrean konexioak sortzeko eta bestelako aukerak probatzeko beharretik.
Azken urteotan, nire lana bereziki arte bisualen eta arte eszenikoen arteko zubietan kokatu da. Irudia gorputz bihur daitekeen, gorputza espazio, espazioa kontakizun eta denbora materia bihurtzen den lurralde hibrido hori interesatzen zait. Gorputza, espazioa eta denbora dira, azken batean, nire errealitatea —egunerokoa zein metafisikoa— behatzeko eta eraikitzeko erabiltzen ditudan koordenatuak.
Niretzat sortzea berriro begiratzeko modu bat da. Emana dirudiena aldatzeko modu bat. Erantzun bakarra zegoela zirudien lekuan aukera bat zabaltzeko modu bat.





